Irakurgaiak euskaraz

LECTURAS EN EUSKERA

ZALDI URDIN BAT MARGOTU ZUEN ARTISTA

Laburpena

Liburu hau aurreirakurle eta lehen irakurleentzat pentsatuta dago, oso testu sinpletik abiaturik eskala kromatiko osoa erakutsiz doalarik. Gainera, etxabere eta piztia batzuk erakusten ditu, ezohiko itxura, marrakera eta koloreez irudikatuta.

Album honek, irudimena bultzatu ez ezik, sormen-askatasuna aldarrikatzen ere du. Artistaren figura ikusleei hurbiltzen zaien neurrian, adin guztietako irakurleen interesekoak izan daitezkeen Arte eta Historiari buruzko ezagutzak ere tartekatzen dira.

“Zaldi urdin bat margotu zuen artista” honek oinarri autobiografikoa du: Eric Carle-k bere burua irudikatzen du errealitatea zorrotz berritzen ez duen ilustratzaile gisa, hala bereizgarri zaion estilo batez jarduteko harrotasuna erakutsiz. 

GORILA BAT

Laburpena

Batetik hamarrera zenbatuz, aurre-irakurle eta lehen irakurleentzako album hau zenbakietara eta primate animalietara hurbiltzeko oso baliabide egokia da. Anthony Browne-k zenbaki bakoitzari dagozkion beste animalia irudikatzen ditu. Marrazkiak errealistak dira eta xehetasun handiz burututa daude; nabarmentzekoak dira kolorearen erabilera eta tximinoen adierazkortasuna –adeitasuna, gozotasuna, bihurrikeria, herabetasuna…–. Haien aurpegietan, pertsonei dagozkien keinu eta jarrerak antzematen dira.

Hori ela eta, liburuak bigarren irakurketa ere badauka: beste animalien antzera, primateek sentimenduak dituzte. Eta, eboluzioaren aldetik, gizakiengandik hurbilen dauden ahaideak izan arren, espezie batzuen biziraupena larriki mehatxatuta dago.

Egileak zuzenean konprometitzen da mezu horren zabalkundelanean: bere autoerretratuaren ondoren, mundu osoko arraza eta kulturen aniztasuna islatzen duen ‘argazki’ antropologikoa irudikatu du, edozein irakurlek bere burua identifikatu ahal izateko modukoa.


NOLA SENTITZEN ZARA?

Laburpena

Liburu honi esker, txikienek nola sentitzen diren adierazten ikasiko dute, irudi eta hitz samurren bidez: aspertuta, pozik, triste... Testua laburra da eta osagarri bikaina du ilustrazioetan: bertan ikus baitaitezke pertsonaiaren adierazpena eta jarrera, eguneroko elementuez lagundurik –jostailuak, margoak, liburuak, kontzeptu bakoitza bere ikus-deskribapenaren bidez finkatuz. Anthony Browne-k haur-emozioen mundura garamatza, kolore, tamaina eta tipografiekin egiten du jolas: txikitzen edo handitzen diren figurak; uhindun marrak; hitz larriak, xeheak edo etzanak, bakoitzak daraman emozio-edukiaren arabera.

Nola sentitzen zara? oraindik irakurtzen ez dakitenentzat eta irakurtzen hasitakoentzako liburua da, nork bere burua ezagutzeko eta sozializatzeko lan bikaina. 

AZAZKALO

Laburpena

Bazen behin azti bat, Azazkalo zuen izena, azazkalik sekula mozten ez zuena, eta labanak bezain zorrotzak zituena. Laguntasun baten istorioa kontatzen du liburu honek: haurrak ehizatzen dituen azti baten eta bere hurrengo biktima beharko lukeenaren artekoa. Beraz, krudela edo tristea beharrean, ipuin alai eta barregarri bat da hau. 

EZ DA ERRAZA, KATAGORRI

Laburpena

Album honetan heriotzarekin egingo dugu topo. Ama hil eta gero oso maitekiro kontatzen da katagorri-kumearen sufrimendua. Alde batetik, buruan bueltaka dabiltzan sentimendu kontrajarriak (bakardadea, haserrea amaren faltagatik, etab.) eta, bestetik, aitaren ahaleginak semeari laguntzeko. Hontza ere –basoko laguna– saiatuko da katagorriari babesa ematen, baina paisaiak eta inguruan duen guztiak amaren gogoa ekartzen diote.

Gaia ulertzeko zaila izan arren, oso modu gozoan eta sinesgarrian dago islatuta. Berehala antzematen dugu protagonistaren tristura eta aitaren azalpen guztien aurrean bere ulertezintasuna. Aitaren egitekoa ere bikain agertzen zaigu: ondoan dago eta aldi berean errespetatzen du katagorriak bakarrik egoteko duen desioa. Izan ere, gertaera ulertu arte ez baitu ez jolasteko ez jateko gogorik. Amaieran, gaia hobeto antzematen duenean, katagorriak berak aitaren presentzia eskatuko du, sentitzen duena konpartitu behar duelako.

Oso lagungarria gerta dakioke gertukoren baten heriotza izan duenari; eta heldu batek haur txikiei kontatzeko ere, oso aproposa da. 

Non dago txirlo?

Txirlo, ipuinaren protagonista, ohiko txirlo partida batean eta behin txirloak jauzita, zulo barrenera sartzen  da. Zer gertatzen da jokaldi bat eta bestearen artean txirloan antolatzen direnean? Erantzunik gabeko galdera honen baitan txirloek bidaia bat egiten dute, baina hara non ustekabean gure txirlo protagonista galdu egiten da. Irakurlearen laguntzarekin agian txirloak bere bidea aurkituko du.

"Istorioak mundu surrealista b atean murgiltzen gaitu. Formak eraldatzen doaz eta irakurketaren plano desberdinak ahalbidetzen dituzte, ulermen adiera desberdinak posibleak direla ulertaraziz.", dio Peñak. Irakasleak plastikaren ezaugarriak argitzen ditu: "Kontraste kromatikoak zuri beltzetik kolore eztandara eramaten du bidaiaria. Forma geometriko sinpleek eta isiltasunezko hutsuneek narrazio gorabeheratsua osatzen dute, azkenean espero ez genuenean, agian izenburuko galdera erantzuteko aukera agertuko den arte